XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Dena den, iruditzen zait Oroitzapen hauek ez direla izanen bakarrik, Piarresek zioen bezala, buru argien abusagailu. Mende honetako Euskal Herriaren historia ikertuko duten Historialariek izanen dute hor zer ikas. Gure historiaren egitekotz seriotan, gure hizkuntza jakin edo ikasi behar dela, lehen-lehenik, ulertuko dutelarik, bederen, gure Unibertsitate guztietako Irakasle Handiek.

Berrikitan, Baionan apezpikutegiko artxibategian nengoela solasean, nik ezagutzen ez nuen, bainan berak ezagutzen ninduen jaun apez bat etorri zaigu eta galdetu dit zer lanetan ari nintzen. Ihardetsi diot Larzabal-en oroitzapenetan sartua nintzela. Eta apezak orduan: Zein Larzabal?.

Nik aldiz: Larzabal Zokoakoa, jakina!.

Harek berriz, begiak handituz: A! Ez gurea, (hots ez apezpikutegiko kalonjea) Larzabal - Bortizkeria! (Hitzez-hitz, Larzabal - La Violence).

Solas horiek entzutean, Bortizkeria dela-ta, ez diot salatu ene apezari, banuela aspaldian lan bat egina, San Bernat delako batek Tenplarioen erregelari egin komentarioez. Ez baininduen geroztik batere harritu, Frantzia edo Espainia saindu horietako apez, apezpiku eta kardinale batzuek, beren herritarren bortizkerien aitzinean, begiak hetsirik egoiteak.

Biarnesa baitzen ene apeza, ez diot ere erran, mintzo zen bezala mintzatu aitzin, irakur zitzan bederen Larzabalen beraren zenbait orrialde.

Euskaldunak eta, doi bat alfabetatuak, diren guztiei, aldiz, gomendatuko diet gogotik liburuska honen irakurtzea. Gertatuko zaie menturaz duela berrogoi bat urte Zokoako apezetxera lagundu nuen Frantzia gaineko apez arrotz bati gertatu zitzaiona.

Kostaldean behar zuen misionea kudeatu eta hortakotz nintzen harekin hor gaindi ibilki. Bainan gero Afrikara izendatu zuten apezpiku eta ez zuen hemengo lana bururatu.